2019ko Amazonia basoko suteak

2019ko Amazonia basoko suteak
Irudia
2019ko agorrilaren 15etik 22ra bitartean MODISek atzemandako suteak, laranja kolorez irudikatuak.
Map
MotaBaso-sute
Data2019
KokalekuAmazonia
Amazonasen arroa
HerrialdeaBrasil, Peru, Bolivia eta Venezuela
Azalera906.001 ha
Kausabasogabetze
moztu eta erre
Honen ondorioaPresidential Summit for the Amazon (en) Itzuli
Pertsona hilak40

Error in template * unknown parameter name (Plantilla:infotaula esdeveniments): "irudi oina"

2019ko Amazonia basoko suteek Brasilgo Amazonia eskualdeari eragin zioten urte horretako abuztuaren lehenengo astetik aurrera. Amazonia basoa uztailetik urrira bitarte hezetasun handiko urte-aldian sartzen da eta sute hauek garai horretan gertatu izanak harritu egin zituen zientzialariak.[1] Sute ugari pairatu izan ditu Amazonia basoak historian zehar, baina 2019koak ezohikotzat hartu ziren; guztira abuztuaren 23an 39.194 sute erregistratu ziren, Brasilen Amazonia Legalaren arabera.[2] Abuztuaren 29an, laurogei mila sute erregistratu ziren Brasilen, aurreko urtean atzemandakoak baino %77 gehiago, BBCren arabera.[3] Beste iturri batzuek areagotze hori %83koa izan zela diote, hala ere.[4] Brasilez gain, Bolivia, Paraguai eta Peruk ere basogune ugari galdu zituzten,[5] Boliviak bakarrik 730.000 hektarea galdu zituen.[6] Paraguairen iparraldean aldiz, 140 mila koadratu erre ziren, baina abuztuaren 24rako egoera kontrolpean zutela adierazi zuten estatuko agintariek.[7] Perun ere beste hainbat su bakandu atzeman ziren, Brasilgoekin zerikusirik ez zutenak.[8] 2019ko abuztuko zehaztapenei begiratuz gero, Peruk 128 baso-sute zituen.[9]

Suteen areagotzea Espazio Ikerkuntzarako Brasilgo Institutu Nazionalak (INPE) aurkitu zuen 2019ko ekainean, satelite-zelatatze sistemen bidez; alabaina, hondamendiak nazioartearen arreta bereganatu zezan, NASAren baieztapenari itxaron beharko zion. Espazio agentziak 2019ko abuztuan satelite bidez ateratako hainbat argazki argitaratu zituen, suteek sortutako kea erraz bereizi zitekeen bertan eta gainera, hil horretan bertan, Sao Paulo hiria ke horrek estali zuen Amazoniatik ehunka kilometrotara kokatuta egonagatik ere. 2019ko abuztuaren 29an, INPEk laurogei mila sutetik gora atzeman zituen Brasil guztian barrena, aurreko urtean garai berean atzeman zirenak baino %77 gehiago; gainera, berrogei mila sutetik gora Brasilgo Amazonia Legalean kokatuta zeuden. Urtez urteko sute kopurua antzeko moduan areagotu zen Bolivia, Paraguai eta Perun, hauetan 2019an hemeretzi mila, hamaika mila eta sei mila zazpiehun sute atzeman ziren, hurrenez hurren, abuztuaren 29ra bitarte.[5] Arras aipagarria da Brasilgo Amazonia Legalak baso osoaren %60a bere gain hartzen duela. Lehen zenbatespenen arabera, 2019ko suteek 906 mila hektareatik gora erre zituzten eta beraz, bertako bioma osoa suntsitu.[6] Hondamendi honek munduko kliman izan zezakeen eraginaz kezkatzeaz gain, adituak suteek igorritako gehiegizko karbono dioxido eta monoxido kopuruek, Amazoniako bioaniztasunari eginiko kalte larriek eta Amazonian bizi ziren indigenei sortutako kalteek kezkatu zituzten.[10]

Amazoniako suteek harrabotsa izan zuten nazioartean, bereziki Frantzian, bertako lehendakari Emmanuel Macronek eta ingurumena zaintzeaz arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeek hondamendiaren erantzukizuna Brasilgo lehendakari Jair Bolsonaroren baso-soiltzearen eta horrek sortzen dituen enpresen aldeko politikei egotzi zietelako.[11][12] Brasilgo lehendakaria 2019ko urtarrilean iritsi zen boterera eta ordutik Amazoniaren baso-soilketaren aldeko jarrera garbia erakutsi zuen. Hasiera batean, Bolsonarok uko egin zion sutearen itzalketan parte hartzeari, nazioarteko agintari ugarik eskatu bazioten ere, haren iritziz, agintari horien kritikak sentsazionalistak zirelako. Haatik, hilabete horretan bertan Biarritzen ospatu zen 45. G7 bilerak nazioarteko presioa areagotu zuen Brasilengan, batez ere Europar Batasuna eta Mercosurren arteko merkataritza askeko ituna jokoan jarri zutenean han bildu ziren agintariek.[11] Hala, Bolsonarok 44.000 soldadu brasildar bidali zituen suaren itzalketa lanetan parte hartzera eta gainera, suteak itzali zitezen diru-funtsak martxan jarri zituen, hirurogei egunetan indarrean egongo zen sute horien prebentziorako dekretu bat onartzeaz gain.[13][14]

Amazoniako beste zenbait herrialdek laguntzak esker onez eta era irekian hartu zituzten eta hortaz, suteak itzaltzeko orduan erraztasun nabariak eduki zituzten. Boliviako lehendakari Evo Morales baso-soilketa sustatzen zuten legeak onartzeagatik kritikatua izan bazen ere, sute hauen aurrean oso bestelako jarrera erakutsi zuten, kanpotik jin zitzaizkion laguntzak ondo kudeatzeaz gain, suen itzalketak laguntzeko legeak onartu baitzituen.[15] G7 gailurrean, Macronek bertan bildu ziren herrialdeetako ordezkariak amazoniar herrialdeei lagundu ziezaieten konbentzitzen saiatu zen, hartarako, hogei milioi dolarreko larrialdietako diru-funts bat sor zezaten, hala, bertako suteen itzalketa aurreratu zedin.[16]

  1. (Ingelesez) Amazon fires 'increase 84% in one year'. 2019-08-21 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  2. (Ingelesez) Andreoni, Manuela; Hauser, Christine. (2019-08-21). «Fires in Amazon Rain Forest Have Surged This Year» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  3. (Ingelesez) Brazil seeks to curb Amazon fires with ban. 2019-08-29 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  4. Arin, Nagore. «Azken urteetako suterik larrienak gertatzen ari dira Amazonian» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  5. a b «Frightening images of Amazon fire taken from space» NewsComAu 2019-08-25 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  6. a b John, Tara (2019ko abuztuaren 26). "Bolivia's Amazon is on fire too. More than 1.8 million acres have been burned". CNN.
  7. (Ingelesez) «Brazil's president U-turns position and sends army to help put out huge Amazon wildfires» The Independent 2019-08-24 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  8. (Gaztelaniaz) Peru21, Redacción. (2019-08-23). «Gobernador de Madre de Dios pide declarar en emergencia sanitaria tras incendios forestales» Peru21 (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  9. (Gaztelaniaz) «Reporta Perú 128 incendios forestales en las últimas tres semanas» El Siglo (Noiz kontsultatua: 2019-08-30).
  10. «Amazoniako milioi bat indigena arriskuan daude suteengatik» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  11. a b Imaz, Andoni. «Macronek Amazoniako suteei heldu nahi die G7koen goi bileran» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  12. Uranga, Ane Hurtado. «Munduaren birika, sutan erretzen» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  13. www.telesurtv.net (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  14. (Gaztelaniaz) «Bolsonaro envía a soldados a combatir incendios en el Amazonas» ELIMPARCIAL.COM (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  15. (Ingelesez) Redacción. (2019-08-26). El gobierno de Evo Morales acepta ayuda internacional en medio de protestas contra su gestión de los incendios en el Amazonas. (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).
  16. «G7aren goi-bilera adierazpen bateratu eta labur batekin amaitu dute» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-31).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search